AstraGida

Astra Gernika(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

SARRERA

Astra tresna konpartitua da, inguruan duen komunitateak autogestionatzen duen espazioa. Izaera irekia du eta edonork antolatu dezake jardueraren bat Astran, edo bertako erabakietan eta kudeaketan parte hartu. Are gehiago esango dugu, jendearen parte-hartzerik gabe ezin du funtzionatu. Astraren bihotza herritar mugimendua da; norbanakoak, gazteak, sortzaileak, kultur elkarteak, gizarte eragileak… euren guztien auzolanarekin bakarrik egin dezake aurrera Astrak.

Astra eremu malgua ere bada; dibertsoa, esperimentaziora emana, egiteko modu ezberdinak sustatzen dituena, antolatzeko, pentsatzeko, sortzeko bide berriak batu nahi dituena.

Horregatik guztiagatik, Astra denon artean kudeatzen delako eta egiteko modu ezberdinak daudelako, Astra Koordinadorak beharrezkoa ikusi du denon artean adostutako Astraren parte-hartze eta erabilera gida bat osatzea. Astrak elkarlana nahiz norbanako eta eragileen autonomia sustatzen ditu. Horregatik hizkuntza eta prozedura komunak behar ditu, modu egokian konpartitzeko Astra.

Zelan parte hartzen da Astran? Zelan erabili dezakegu erreminta hori gure jarduerak, desirak, borrokak, proiektuaks aurrera eramateko? Zelan kudeatu behar ditugu bertako espazio eta baliabideak? Ze aukera eskaintzen dizkio gure kolektibo edo elkarteari? Zeintzuk dira bere mugak? Nola finantzatzen da?

Astrako parte-hartze prozesuekiko fidela izan nahi duen AstraGidan galdera guztien erantzunak aurkituko dituzu. Eta erantzunen bat aurkitzen ez baduzu egin galdera eta AstraGidara gehituko dugu! Gauza bera aldaketa edo hobekuntzaren bat proposatu nahi baduzu! Testu hau etengabe aldatu eta hobetzeko dago!

On egin!!


ZELAN PARTE HARTU ASTRAN?

Astran parte hartzeko bide eta modu asko dago. Astran dagoen kontzertu batera joatea Astran parte hartzea da, Astran dagoen auzolanetara joatea Astran parte hartzea da, Astran egiten diren kudeaketa bileretara joatea Astran parte hartzea da, Astrako mahai batean jesarri eta edalontziak batzea Astran parte hartzea da, Astrako sare sozialetako berriak konpartitzea Astran parte hartzea da, Astrari babesa ematea Astran parte hartzea da. Astra sare bat da, eta sare horretan modu askotan parte hartu daiteke. Konpromiso maila ezberdinak daude; konpromiso batzuk denbora eta ardura handiak eskatzen dituzte, eta beste batzuek ez horrenbeste, baina horregatik ez diote uzten garrantzitsu izateari. Konpromiso maila horien arteko oreka beharrezkoa da Astran. Konpromiso guztiek dute bata bestearen beharra, esate baterako, Astrako lan-talderen batean egunero parte hartzen duenak Astra babesten duten pertsonen beharra du.

Modu askotan parte hartu daiteke, eta norberak erabaki behar du zein den Astrarekiko konpromiso maila. Konpromiso maila handiago edo txikiagoa izateak, lan gutxiago edo gehiago egiteak, ez dio inori ahots eta erabaki ahalmena kentzen edo gehiago ematen.

Astraren kudeaketan parte hartu eta erabaki nahi izanez gero, jarraian azaltzen diren erabakiguneetan parte hartu daiteke, guztiak baitira irekiak.


Erabakiguneak

Argi utzi behar da Astra Proiektuan parte-hartzea etengabekoa eta irekia dela, eta hurrengo lerroetan agertuko diren erabakiguneetan edonork eta edonoiz parte hartu dezakeela. Hau azpimarratzea oso garrantzitsua da. Ordutegi eta maiztasun aldakorra duten erabakiguneen hitzorduak gutxienez astebeteko aurrerapenez jakinarazten dira.

ASTRA KOORDINADORA/ASANBLEA

Funtzioa: Proiektua garatzeko beharrezkoak diren erabaki potoloak hartzea du xede —parte-hartze prozesuak, finantziazioa, erakundeekin harremanak…—.

Osaketa: Gernika-Lumoko kultur eta gizarte eragileetako hainbat ordezkari eta herritarrak biltzen dira.

Ordutegia/Maiztasuna: Momentuan momentuko beharrizanen arabera, Asanblearen maiztasuna eta ordutegia aldatu egiten da. Une honetan, urtaro bakoitzean bat egiten da.

KUDEAKETA LAN-TALDEA

Funtzioa: Egunerokotasunean dauden beharrizanei, arazoei eta proiektuei irtenbidea emateko eratu zen. Batez ere, Astra Proiektuaren kudeaketa teknikoaz zerikusia duten erabakiak hartzen dira bertan. Osaketa: Lan-taldeetako ordezkariak eta parte hartu nahi duten herritarrak. Ordutegia/Maiztasuna: Bi astean behin, asteazkenero, 19:00etatik aurrera.

EGITARAU LAN-TALDEA

Funtzioa: Astrako egitaraua koordinatzea. Astrara heltzen diren proposamenei erantzuna ematea.

Osaketa: Lan-taldeko kideak eta parte hartu nahi duten herritarrak.

Ordutegia/Maiztasuna: Asteartero. 19:00etan proposamenei harrera. 19:30ean bilera.

DIRUZAINTZA LAN-TALDEA

Funtzioa: Astraren ekonomiaz arduratzea. Diru kontu guztiak herritarren eskura jartzea.

Osaketa: Lan-taldeko kideak eta parte hartu nahi duten herritarrak.

Ordutegia/Maiztasuna: Beharrizanen arabera.

KOMUNIKAZIO LAN-TALDEA

Funtzioa: Astraren barne eta kanpo komunikazioaz arduratzea.

Osaketa: Lan-taldeko kideak eta parte hartu nahi duten herritarrak.

Ordutegia/Maiztasuna: Beharrizanen arabera.

BITARTEKARIA

Funtzioa: Astra Proiektuaren eta herritarren arteko zubilana egitea.

Ordutegia/Maiztasuna: Astelehenetik barikura, 16:30etik 20:30era.

Zer egin behar da Astra erabili edo jardueraren bat antolatzeko?

Astra erabili edo jardueraren bat antolatzeko, bide ezberdinak daude aurrera eraman nahi den jardueraren arabera. Jarduera posible guzti hauek zerrendatzen saiatuko gara eta eman beharreko pausoak azalduko ditugu:

Bilerak eta asanbleak

Astran bileraren bat egin edo modu iraunkorrean Astran batu nahi izanez gero, bitartekariarekin jarri behar da harremanetan. Horretarako, bi bide daude: batetik, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era eraikinera hurbildu eta berarekin hitz eginez; bestetik, honako helbide elektronikora idatziz: info@astragernika.net.

Baliabideak erabili (ordenagailuak, gorputz faktoria…)

Astrako baliabideren bat lehen aldiz erabiltzeko, oro har, bitartekariarekin jarri behar da harremanetan, esate baterako, ordenagailuak erabiltzeko, gorputz faktoria modu puntualean erabiltzeko edo arte faktorian kuadro bat margozteko. Baita esklusibitatea eskatzen badute ere publikoak izan gabe (ordu jakin batean espazio edo baliabide bat libre egotea egin nahi den jarduera aurrera eramateko), astero-astero gorputz faktoria behar bada ordu berean edo egun zehatz batean beharrezkoa bada arte eta eskulan faktoria erabiltzea. Baina erabilera horiek deialdi publiko baten bidez komunikatzen badira, egitarau lan-taldeari egin behar zaio proposamena modu egokian koordinatu eta komunikatu dezan, adibidez, kontzertu baten antolaketa.

Ekimen programatuak (kontzertuak, hitzaldiak, antzezlanak, jardunaldiak…)

Iraupen laburreko jarduerak dira, hala nola kontzertuak, kongresuak, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, epe laburreko ikastaroak, ensaioak… Proposamenaren berri emateko eta antolatzen hasteko, egitaraua@astragernika.net postara idatzi behar da. Lan-taldearen batzarrera ere joan daiteke proposamena zuzenean egitera, baina bilerara etorri arren aurrez aurre egoteko eta zalantzak argitzeko, posta beti idatzi behar da. Ikus postak idazteko jarraibidea.

Proiektu finkoak (ikastaroak, erresidentziak…)

Modu iraunkorrean egin eta leku zehatza behar duten proiektuak dira. Esate baterako, sorkuntza lanak, ikastaroak, elkarteak biltzeko leku finkoak, erresidentziak… Ekimen puntualen prozesu bera jarraitu behar da proposamena egiteko, baina erantzuna ez dagokio soilik egitarau lan-taldeari eta, beraz, erantzuteko prozesua zerbait luzatu daiteke.

Non daude jardueren mugak?

Astrak sustatzen dituen baloreen kontra doazen jarduerak oro har. Adibidez, ekimen arrazistaren bat antolatzea edo izaera autoritarioa duen jardueraren bat.

Astra diru irabazi asmorik gabeko espazioa da. Horrek esan nahi du bertan egiten diren jardueretan diru interesak saihestu nahi direla. Dirua ez da baztertzen, kontua da diru hori zertarako erabiltzen den, zein helbururekin egiten den dirua. Ez da gauza bera dirua kultur elkarte baten urteko jarduerak finantzatzeko erabiltzea edo interes pribatu eta itxi baterako, adibidez, kultur promotora pribatu handiren batek Astrako instalazioak erabiltzea diru interesarekin. Baloratu behar dena helburua da beti, atzean dauden arrazoiak. Ez da horrenbeste dirua egotea edo enpresa pribatua izatea, baizik eta helburuak ez izatea diru irabazi pribatu hutsekoak.

Astrako asanblean kudeaketaren inguruan hartutako erabakiak errespetatzea. Adibidez, gela bat jarduera jakin baterako erabiltzea erabaki bada, bestelako jarduerarik ez egitea gela horretan.

Zer eman behar da trukean?

Astran egiten dena jendearekin konpartitzeko moduak bilatzen ditugu, eta gernikarrek sorkuntza prozesutik eta Astran egiten diren ekimenetatik jakintzak ikastea eta trukatzea. Horri esaten diogu itzulera soziala egotea Astran, egindako lana konpartitzea, parte hartu eta ikasi ahal izatea, denon eskura egongo diren jakintza eta kultura libreagoen bidean, horrek herritarrak ahalduntzen baititu.

Astran diru trukeak baino garrantzi handiagoa du jakintza trukeak. Gainera, itzulera sozialaren ideiak babes bat ematen du proiektuaren izaera mantentzeko, hau da, dena irekia izatea, dirua ez izateko gauzarik inportanteena. Astra alokatzen den espazio bat izatetik ere babesten du. Horrela, antzerki talderen batek antzezlan bat sortu eta landuko balu Astran, obra horren itzulera soziala ez litzateke izango dirua, baizik eta obra hori Astran bertan estreinatzea, adibidez, edo antzerki talde horrek ikastaro trinko bat ematea Astran. Itzulera soziala egotea ez da derrigorrezko arau bat, inplizituki aurrera eraman beharko litzatekeen zerbait da.

(Koadro batean adibide moduan) Urrutxua argazki dendan ezagutu zuen Zigor Etxebarriak Lavasir Nordrum sortzailea. Zigor zenbait argazki inprimatu gura zebilen eta Lavasir zerbait erosteko asmoagaz hurbildu zen Gernikako argazki dendara. Dendariaren ingeles maila ez zen oso ona eta Zigorrek itzulpen lanari ekin zion. Horrela, hain zuzen, elkar ezagutu zuten Zigorrek eta Lavasirrek. Argazkilari eta bideogile norbegiarra Gernikari buruzko proiektu bat egiteko ikertzen zebilen eta Zigorrek Astrari buruz hitz egin zion. Argazkilariak berehala ikusi zuen arma lantegi zaharra bere lana egin eta aurkezteko leku ezinhobe bezala. Harrezkero Gernikara joan-etorri bat baino gehiago egin zuen Lavasirrek, eta bonbardaketaren 70eko urteurrenean aurkeztu zuen azkenean bere sorkuntza-lana. Artelan hori egiteko bidean inguruan batu zitzaizkion gazteek argazkia eta bideoa nahasten zituzten teknika berritzaileak ezagutu zituzten, beste era batera ezagutu ezingo lituzketenak seguruenik, edo ezagutzeko Gernikatik kanpora atera eta garesti ordaindu beharko lituzketen jakintzak. Lavasir “irakasle” ona zen.


ARLOAK

Bitartekaria

Bitartekaria Astraren eta herritarren arteko zubia da. Astrara hurbiltzen diren herritarrei harrera egin eta euren zalantzak argitzeaz gain, Astra erabili eta bertan parte hartzeko jarraibideak ematen dizkie. Horrez gain, bitartekariak Astrako erabiltzaileen arteko harreman sareak ere zaintzen ditu, interes komunak dituzten pertsona eta eragileak harremanetan jarriz. Adibidez, herrian eta Astran martxan dauden egitasmoen ezagutzatik elkarrekintzarako aukera berriak sustatuz. Bitartekariak Astrako tresna eta baliabide komunak ere zaintzen ditu eta hauek modu egokian erabiltzeko laguntza ematen die Astrako parte-hartzaileei, euren kabuz erabiltzen ikas dezaten.

Bitartekariak ez ditu egiten Astrako lan-taldeei dagozkien lanak, esate baterako, ez ditu jarduerak antolatzen. Ez da dinamizatzaile soziokulturala, ez da konserjea edo garbitzailea. Batez ere, Astra edonorentzat erabilgarri dagoela ziurtatzeaz arduratzen da.

Bitartekariak lanaldi erdian egiten du lan astelehenetik ostiralera gizarte segurantzan altan emanda, 16:30etik 20:30era. 590 euro garbiko 15 paga irabazten du urtean lan horregatik. Une honetan (2015ko Abuztuan) Iraia Madariaga da Astrako bitartekaria (aurretik Goizane Bilbao izanik), eta herritar guztiei zabaldutako prozesu baten bidez aukeratu zuen Astra Koordinadorak. Gainera, bere lan orduetatik kanpo lan boluntarioa ere egiten du, Astra Koordinadorako edozein kidek bezala.

Egitaraua

Astrako egitaraua elkarlanean oinarritzen da, eta hainbat norbanakok eta eragilek egiten dituzten proposamen eta antolatzen dituzten jardueren bidez osatzen da. Egitarau lan-taldeak koordinazio lanak egiten ditu batez ere, normalean ez du ekimenik antolatzen, baina badaude salbuespenak, esate baterako, Astraren urteurrenak, Astra gauak, Astra Iluntzeak (Astraren finantziaziorako)...

Egitarau lan-taldeak proposamen guztiak onartu eta koordinatzen ditu, Astraren oinarrien eta sustatzen dituen baloreen kontrakoak izan ezik. Adibidez, ezin da ekimen arrazista bat egin edo diru irabazi pribatu eta pertsonalak sortzea helburutzat duen jarduerarik.

Adibidez, egindako jardueren %90 ez du Astra Koordinadorak antolatu. Eredu honekin bi gauza bilatzen ditugu: bata, Astra Proiektuaren sostengagarritasuna, bestea, herritarrak ahalduntzea, pertsonen eta taldeen autonomia eta autoikaskuntza bultzatuz. Egitarauak bizitza propioa eduki eta inguruan duen mugimenduaren islada izan behar da, eta ez soilik Astra Koordinadoran parte hartzen duten pertsonen gustuen ispilu.

Jarduera egin nahi duenak berak hartuko du ekimen horren gaineko ardura eta Astra Koordinadorak Astran dauden tresna eta baliabideak erraztuko dizkio. Proposamena egiten duenak ez badaki zelan eraman aurrera bere jarduera, lagundu egingo zaio. Adibidez, norbaitek hitzaldi bat antolatu nahi badu, hitzaldi horren inguruan sortzen den lana bere gain hartu beharko du: aulkiak jarri, proiektorea, komunikazioa egin… Ikus: komunikazioa

Astrara iristen diren proposamen guztiak dira garrantzitsuak, baina Astra Koordinadorak arreta berezia jarriko die ondorengo kasuei: pertsona eta eragileen arteko elkarrekintza edo elkarlana sustatzen duten ekimenei, hori baita Astraren oinarrietako bat, baita Astraren filosofiarekin bat datozen ekimenei ere.

Horrez gainera, egitarau lan-taldea proaktiboa izango da, eta arlo sozial eta kulturalean lanean dabiltzan eragileei proposatuko die ekimenak antolatu ditzaten Astran, baldin eta interes komunekoak diren arloetan (parte-hartze prozesuetan zehaztutako arloak) hutsunerik balego.

Ekimena aurkeztutako denbora irizpide garrantzitsua izango da ekimen bati lehentasuna ematerako orduan. Dena den, Astrak ezer onik badu, moldagarritasuna da, eta hainbat ekintza egin ahal izango dira aldi berean, salbuespenak salbu. Astra ez da horrenbeste erakusteko espazio bat, espazio sortzailea eta eragilea da eta egitarau lan-taldeak kontuan hartuko du.

Txikia handiaren parean jartzen du Astrak. Interes sozial, kritiko edo artistikoagatik sortutakoa lehenesten du merkatuaren interesen arabera sortutakoaren aurrean, sorkuntza lan zuzena ekoizpen industrialaren aurrean, xumetasunaren kultura zaintzen du diru-aurrekontu handien kulturaren aurrean.

Egitarauaren inguruan hartutako zenbait erabaki:

Musika

Astran hainbat musika emanaldi antolatzen dira urtean zehar. Hala ere, Astra Koordinadorak urte osoan musika emanaldi gutxi batzuk baino ez ditu antolatzen, batez ere Astra Gauak edo Astra Iluntzeak, autofinantziaziorako. Aurrera eraman nahi dugun kudeaketa eredua jarraituz, Astran egiten diren kontzertu gehienak bestelako eragileek edo pertsonek antolatzen dituzte euren ekimenez: gazte eragileek, herriko elkarteek, musikaren inguruko ekimenek, musikari eta musikazaleek... Beraz, taldeek egindako proposamenak gorde egiten dira zerrenda batean, etorkizunean aukerarik badago, kontzertuak antolatzeko. Astran jotzeko nahia zerrenda batean biltzen da, eta hauxe eskuragarri jartzen dugu edozein eragilek Astran kontzerturen bat antolatu nahi badu, eskaera egin duten taldeen berri izateko.

Prezioak

Astra irabazi asmorik gabeko espazioa da eta, beraz, diru interesak saihestu nahi ditu. Hala ere, kontuan izanik inork ez duela bestelakorik asmatu, dirua presente dago hainbat jardueretan. Hala ere, mugak jartzen saiatzen gara, interes pribatuak saihesteko eta jendearen jakintza eta kulturarako eskubidea bermatzeko. Hori dela eta, oraingoz, gehienez 5 euroko sarrera kobratu daiteke Astran egiten diren ekimenetan, eta gehienez 5 euro ikastaroetako ordu bakoitzeko.

Egitarau lan-taldearen erantzun prozedura

Egitarau lan-taldea astearteetan batzen da, arratsaldeko 7etan. Herritar edo talderen batek Astran jardueraren bat programatu nahi izanez gero, egitaraua@astragernika.net postara idatzi behar du. Horrez gainera, lan-taldearen batzarrera etorri daiteke proposamena zuzenean egitera. Hala ere, bilerara etorri arren, posta beti idatzi behar da, zure proposamena erregistratuta geratzen dela bermatzen duelako, eta horrela egitarau lan-taldea hobeto antolatzen da eta bere jarduna gardenagoa da. Lehenengo proposamena Astrara etorrita egiten baduzu, izan liteke erantzuna zuzenean ez jasotzea, askotan beste lan-talde eta jarduera batzuekin kontrastatu behar delako.

Batzarraren lehenengo 30 minutuak harrerak egiteko erabiliko dira. Bertan proposamenak egin daitezke edo adostuta dauden jardueren inguruko zehaztasunak hitz ein daitezke. Hortik aurrera, egitarau lan-taldeak proposamen guztiak aztertu eta banan-banan erantzungo ditu korreoz. Horregatik, pazientzia eskatzen da egitarau lan-taldea astean behin biltzen delako.


Egitarau lan-taldearen autonomia

Egitarau lan-taldeak, egitaraua koordinatzeaz aparte, zenbait kanpo harreman ere kudeatzen ditu, bertara heltzen baitira Astran jarduerak egingo dituzten pertsona eta eragileen proposamenak, hau da, Astrara heltzen diren proposamenen ohiko ataria da.

Ezinezkoa da astrara iristen diren proposamen guztiak astra koordinadorako asanblean lantzea. Zeregin hori egitarau lan-taldeak hartu du. Betebehar horretarako, autonomia izango du, beti ere Astra proiektuaren filosofia kontuan izanik. Hortaz, Egitarau lan-taldea Astrara heltzen diren proposamenen koordinazioaz arduratzen da.

Horrez gain, Astra Koordinadorak bermatuko du 2KM-an adostutako egitarauaren filosofia betetzen dela. Egitarau lan-taldeak koordinatzen duen egitarauaren informazioa emango dio Astrako asanbleari.

Gauzak horrela, Astra proiektuan eragin handia izan dezaketen proposamenak helduko balira, asanbleatik pasatu beharko lirateke.

Funtzionamenduari dagokionez, egitarau lan-taldea asteartero biltzen da 19:00etan. Bilera irekiak izateaz gain, ordu horretan aurrez-aurreko proposamenak egitera datozen talde edo norbanakoei harrera egiten zaie.


Ekimen bat antolatzeko orduan informazio lagungarria

Astra gune autogestionatua eta autofinantziatua da. Horregatik, erakundeei dirulaguntzarik eskatu gabe egin nahi du aurrera. Hori lortzeko, diru iturri finko batzuk bermatu behar ditu hilabetero egunerokotasunak sortzen dituen gastu anitzei aurre egiteko: gastu arruntak, bitartekari eta barrako langilearen soldata… Argi gera bedi, halaber, Astra diru-irabazi asmorik gabeko elkartea dela.

Astran hainbat emanaldi (musika, teatro, hitzaldi, tailer...) antolatzen dira urtean zehar. Hala ere, gehienak herritarrek antolatutakoak dira eta Astra Koordinadorak urte osoan emanaldi gutxi batzuk baino ez ditu antolatzen; alde batetik, egunerokotasunean Astran lan egiten dauden boluntarioen indarrak zaintzeko eta, bestetik, edozein norbanako edo eragileren ahalduntzea suspertzeko. Ekimen baten arlo guztiak kudeatzeak zer suposatzen duen jakiteko gai izatea gogorra da, baina esperientzia oso aberasgarria izan daiteke. Horregatik Astra herritarren ahalduntzea modu honetan bultzatzearen alde dago. Hurrengo arau hauek ez dira mugiezinak, orain arteko esperientziaren arabera zehaztu dira eta aldaketak egiteko zabalik daude.

Burutuko den ekintza goitik behera lotzea elkarte antolatzailearen lana izango da. Hala ere, Astrako bitartekaria eta egitarau lan taldea (egitaraua@astragernika.net) beti egongo da ahal duen neurrian laguntzeko eta zalantzak argitzeko prest.

Protokolo hau elkarte antolatzailearen eta Astraren arteko “kontratu”tzat hartuko da. Hau da, berton ageri diren eginbeharrak nahitaez bete beharko dira. Berauen ez betetzeak, hau da, kontratua hausteak, elkarte horrekiko konfiantza galtzea ekarriko du, Astra Koordinadorak neurriak hartuko dituelarik (adibidez, dirua irabazteko barra gehiago ez uztea).

Erantzunkizunak

Ekintza bat antolatzerakoan, elkartearen esku gelditzen da:

  • Ekimena burutuko duten pertsonez gain (musika edo teatro taldea, hizlariak...) hirugarren pertsona edo eragile bat egon behar da. Hau izango da Astrarekin (normalean egitarau lan-taldeko partaide bat) kontaktuan egongo dena eta ekimenaren kudeaketaren erantzukizuna izango duena (beharrezko material eta espazioen eskaera, ekimenerako beharrezkoa antolatzea eta gero txukuntzea, ekimenean parte hartzen duten jendeari harrera egitea...)
  • Beharrezkoa da ekimenaren kartel digital bat egitea. Astrak bere web orria eta sare sozialak (facebook eta twitter) ditu prest ekimena zabaltzeko. Kartela fisikoki inprimatu nahi bada, kartelak jartzea eta hauen kostua ekimena burutzen duenaren gain geratzen da.
  • Garbitasuna: Erabilitako espazio guztiek egon beharko dute lehen bezain garbi edo garbiago (barra barrua eta kanpoa, komunak, eskenatoki inguru guztia eta sarrera, erretzaileen zigarro-puntak barne). Garbi uzteaz gain, gauzak jasota eta bere lekuan utzi behar dira. Kontzertu edo ekimenen jendetsuen kasuan, Astra garbi eta erabiltzeko prest egon beharko da hurrengo eguneko irekitze ordua baino lehen.
  • Aforoa kontrolatu behar du elkarte antolatzaileak. 600 pertsonako aforoa dauka beheko solairuak. Garrantzitsua da larrialdiko ateak ez oztopatzea, behar direnean erabili ahal izateko.

Autofinantzatzeko barrako portzentaiak

Barra da Astrako finantziazioaren oinarri nagusia. Horregatik, barra eta diruzaintza lantaldeek txosten honetan proposaturikoak betetzea oso garrantzitsua izango da autogestioan aurrera egin nahi badugu.

Ekintza baino lehen, elkarte antolatzailea barrako langile edo bitartekariarekin bildu beharko da barraren funtzionamendua azaltzeko.

Esan beharrik ere ez dago gonbidapenak guztiz debekatuta daudela. Kontuan hartu gonbidatzen den edari bakoitzeko beste hiru atera behar direla debalde ateratako hori ordaintzeko.


Egunerako behar diren diru kanbioak, ekintza antolatuko duen elkarteak jarri behar ditu. Gero jasoko ditu itzulian kontuak egiten direnean.

Ekintza osteko diru-banaketa ezin da astelehena baino beranduago izan. Barrako diru-sarreren banaketa, Astrak elkarte antolatzailearekin (EA) duen harreman motaren araberakoa izango da. Hiru tratu mota bereiziko dira:

  • Astra Koordinadorako parte den elkarteren bat denean antolatzailea (EA: %60, Astra %40)
  • Astra koordinadoran parte hartzen ez duen eskualdeko elkarteren bat denean antolatzailea (EA: %55, Astra %45)
  • Elkarte antolatzailea eskualdetik kanpokoa denean (EA: %50, Astra %50)

Ekintza bukatzean, kutxan dagoen diruari kanbioetarako zegoen diru kantitatea kendu behar zaio jakiteko “brutoan” zenbat lortu den. Hortik %45 kendu behar zaio kontsumitu diren edariak ordaintzeko. Kontuan izan behar da ekintza antolatzen duenak ez duela edarien “stock”az arduratu beharrik eta portzentaia hau estimatu da kontsumitutako edarien kostu medio bezala.

Hau egin ostean geratzen den diruari goian aipatutako portzentaiak egokitu beharko zaizkio.

Ordutegia

Auzokideekin harremanak zaintzea ezinbestekoa dela uste dugu. Hori dela eta oso garrantzitsua da ate eta leihoak zarratuta edukitzea gaueko 10etatik aurrera. Orokorrean Astraren ordutegia hurrengoa da: - Igandetik ostiralera, 16:30etatik 8:30etara. Ekimen bat badago ordutegia 12etararte luzatu daiteke. - Larunbatetan, 16:30etatik 1:30etara. Ekimen bat badago, ordutegia 2etararte luzatu ahal da.

Ordutegien luzapena salbuespen bat da eta Astrako egitarau lan taldearen baimena jaso beharko da aurretik.

Ekimenak sarrera kostu bat izateko orduan

Astrara sartzeko sarrera kobratu nahi denean, egitarau lan-taldearekin eta diruzaintzarekin adostu beharko da. Sarrera, salbuespenak salbuespen, ez da 5 euro baino garestiagoa izango. Salbuespenak elkarte antolatzailearen, egitarau lan-taldearen eta diruzaintza lan-taldearen artean adostuko dira. Sarrerako dirua ekitaldia finantziatzeko bada (adibidez, musika taldeak edo hizlariak ordaintzeko) edo ekintza burutzen duen irabazi-asmorik gabeko elkarte bat finantziatzeko, Astrak ez du ezer hartuko sarreretatik.

Soinu edo argi ekipoa behar izango duten ekimenak

Teknikarien aldetik, hurrengo bi aukeretako bat hautatu beharko du. Honen helburua soinu eta argi ekipoan mentenua bermatzea da:

  • TEKNIKA OSOA: Kostua 200 euro. Bi teknikari egongo dira arratsaldetik kontzertuak amaitu arte. Teknikari bakoitzak 100 euro eramango ditu. Soinu eta argi ekipoa atondu, soinu probak egin eta dena batzen arduratuko dira. Asko jota hiru talde egon ahalko dira eta bakarrik izango da posible bi taldek egitea soinu probak. Kontzertuetan zehar tekniko bat soinu ekipoan egongo da eta bestea argietan.
  • TEKNIKA MURRIZTUA: Kostua 100 euro. Teknikari bat egongo da arratsaldetik kontzertuak amaitu arte. Soinu eta argi ekipoa atondu, soinu probak egin eta dena batzen arduratuko da. Asko jota bi talde egon ahalko dira. Argiak fijo geratuko dira (edo beste pertsona bat bilatu beharko luke antolatzaileak lan hau egiten ikasteko). Tekniko oso sinplea bada (bakarlari bakar bat), gerta daiteke teknikoak prezioa jeistea (berarekin adostu behar zuzenean).

Nahiz eta taldeak bere soinu teknikari propioa ekarri, "teknika murriztua" aukera hartu beharko du gitxienez Astrako tekniko bat egon dadin.

Astran jarduera bat proposatzeko jarraibidea

Jarduera bat proposatzeko (tailerrak, erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, etab.), ondoko galdera hauei erantzutea gomendatzen dizugu. Bidali galdera hauen erantzunak gure posta elektronikora (egitaraua@astragernika.net).

1.- Nor zara eta zer egiten duzu? Webgune bat baduzu zure proiektu edo jarduerekin, jar ezazu lotura.

2.- Zer da Astran egin nahi duzuna?

3.- Nork antolatuko du? Jarri jardueran ardura hartuko duen pertsona/kolektibo/talde artistiko, sozial edo kulturalaren izena.

4.- Zer behar duzu? Zehaztu zein baliabide erabiliko duzun zehaztu (proiektorea, musika ekipo txikia, mahaiak, aulkiak, etab.) eta espazioa. Astraren espazioak iruditan hemen ikus ditzakezu: http://www.astragernika.net/instalazioak/

5.- Diru etekinik sortuko du jarduerak? Horrela bada, azaldu zein egitasmotarako den diru hori, edo zein den dirua ateratzearen helburua. Emanaldiren batengatik kobratuko bada, sarrera gehienez ere 5€koa izango da eta ikastaroen kasuan, orduko 5€ kobratuko da gehienez ere pertsonako.

6.- Zehaztu jarduera burutzeko data eta ordutegia. Proposatu alternatibak; proposamen asko jasotzen ditugu eta sarritan espazioak okupatuta egoten dira. Zenbat eta denbora-tarte handiagoarekin egin proposamena, aukera gehiago izango duzu nahi duzun egun eta ordua libre egoteko. Ordutegiaren araudia hemen aurki dezakezu: http://astragernika.net/wiki/AstraGida#Ordutegia

Azkenik, erantzunkizunak zeintzuk diren ongi ezagutzea eskatzen da: http://astragernika.net/wiki/AstraGida#Erantzunkizunak

Gogoratu egitarau lan-taldeak koordinazio lan guzti hau era boluntarioan egiten duela. Beraz, pazientzia apur bat izan, mesedez! Eskerrik asko!

Astran ikuskizun bat proposatzeko jarraibidea

Ikuskizun bat proposatzeko (kontzertu, teatro, etab.), ondoko galdera hauei erantzutea gomendatzen dizugu. Astra merkatu eta kapitalaren logikatik kanpo funtzionatzen du eta hori dela eta ez dira ikuskizunak antolatzen ohizko "manager - sala" hartu-emon baten bidez. Ikuskizunaren arduradun izango den "hirugarrengo" baten behar izana dago. Hirugarrengo honek Astra eta ikuskizunean parte hartuko dutenen artean bitartekari egingo du. Bera arduratuko da Astrari behar izan guztien eskaera egingo duena. "Hirugarrengo" hau norbanako edo elkarte bat izan ahalko da. Beti irabazi asmorik gabe eta itzulera sozial baten helburuaz.

Bidali galdera hauen erantzunak gure posta elektronikora (egitaraua@astragernika.net) hasteko.

1.- Nor zara eta zer egiten duzu? Webgune bat baduzu zure proiektu edo jarduerekin, jar ezazu lotura.

2.- Zer da Astran egin nahi duzuna?

3.- Nork antolatuko du? Hau da, zein izango da "hirugarrengoa"? Jarri jarduera aurrera eramateko ardura guztiak hartuko dituen pertsona/kolektibo/talde artistiko, sozial edo kulturalaren izena.

4.- Zein baliabide eta espazio behar duzu? Zehaztu zein baliabide erabiliko duzun zehaztu (proiektorea, musika ekipo txikia, mahaiak, aulkiak, etab.) eta espazioa. Astraren espazioak iruditan hemen ikus ditzakezu: http://www.astragernika.net/instalazioak/

5.- Musika ekipo printzipala behar duzu? Erantzuna baiezkoa bada, hemen dituzu aukerak: http://astragernika.net/wiki/AstraGida#Soinu_edo_argi_ekipoa_behar_izango_duten_ekimenak

6.- Diru etekinik sortuko du jarduerak? Horrela bada, azaldu zein egitasmotarako den diru hori, edo zein den dirua ateratzearen helburua. Emanaldiren batengatik kobratuko bada, sarrera gehienez ere 5€koa izango da.

7.- Barra hartu nahi ahal duzu? Erantzuna baiezkoa bada, hemen daude kondizioak: http://astragernika.net/wiki/AstraGida#Autofinantzatzeko_barrako_portzentaiak

8.- Zehaztu jarduera burutzeko data eta ordutegia. Proposatu alternatibak; proposamen asko jasotzen ditugu eta sarritan espazioak okupatuta egoten dira. Zenbat eta denbora-tarte handiagoarekin egin proposamena, aukera gehiago izango duzu nahi duzun egun eta ordua libre egoteko. Ordutegiaren araudia hemen aurki dezakezu: http://astragernika.net/wiki/AstraGida#Ordutegia

Azkenik, erantzunkizunak zeintzuk diren ongi ezagutzea eskatzen da: http://astragernika.net/wiki/AstraGida#Erantzunkizunak

Gogoratu egitarau lan-taldeak koordinazio lan guzti hau era boluntarioan egiten duela. Beraz, pazientzia apur bat izan, mesedez! Eskerrik asko!

Azpiegiturak eta obrak

Astrako azpiegiturek Astra proiektuaren filosofiarekin bat egin behar dute. Baliabide konpartituak dira, elkarrekintza sustatzen duten espazioak, kultur eta gizarte mugimenduentzako baliabideak, eta sostengagarriak.

Astra espazio moldagarria eta aldakorra izan behar da. Momentuan dauden jardueretara egokitu behar dute Astrako espazioek: egun batez kontzertu areto, hurrengoan umeentzako gune edo jardunaldietarako bilgune. Malgutasun horrek, hain zuzen, jendartean dauden aldaketei erantzuteko gaitasuna izan behar du. Izan ere, Astra proiektua eta bere baliabideak jendea aldatzen den heinean aldatu behar dira.

Astrako espazio gehienak irekiak eta multifuntzionalak dira, hau da, espazioak ez daude horma finkoen bidez mugatuta, ezta erabilera bakar batera mugatuta ere. Espazio zabal eta irekiek Astran dauden erabiltzaile, proiektu eta abarrek elkar ikusteko eta harremanetan jartzeko aukera ematen du, eta elkarlana eta sinergiak.

Astra proiektua egiten doan zerbait den modu berean, Astrako obrak ere ez dira geratuko. Astrako espazioa ere, proiektua bezala, unean uneko beharren arabera moldatzen joango da, beharrezko obren bidez. Obra horiek adostu egin beharko dira denon artean.

Komunikazioa eta harremanak

Informazioaren kudeaketa egokia

Astra Proiektuak ezin du funtzionatu jendearen parte-hartzerik barik. Bere kudeaketa konpartitua da, beraz, erabakiak taxuz hartzeko ezinbestekoa da kudeaketaren inguruko informazioa denon esku egotea, transparentziaz. Informazioa ezin da gutxi batzuen esku egon. Hartutako erabakiak, kudeaketan sortutako arazoak, gatazkak, kontu ekonomikoak… edozein herritarren eskura jartzeko ahalegina egiten du dituen komunikazio tresna propioen zein kanpokoen bidez. Kontu ekonomikoak adibidez webgunean daude: www.astragernika.net

Komunikazioa hainbat norabidetan

Komunikazioa bi norabidetan lantzen da. Ez da soilik informazioa ematea, herritarren eta proiektuaren arteko elkarrizketa etengabea behar du Astra Proiektuak, Astra osatzen duen komunitatearekin hitz eginez.

Astrako lan-taldeetako kideek Astrako komunitatearekin harremanetan egon behar dute. Astra Koordinadorako kideak ez dira herritar isolatuak, herriko sare sozial eta kulturalaren parte dira, eta sentsibilitate bat izan behar dute herritarrek, gazteek, sortzaileek, kultur eta gizarte eragileek egiten dituztenen inguruan.

Erabakiguneak

Astrako asanbleak eta lan-taldeen batzarrak informazioa trukatzeko guneak dira.

2.0 ikuspegia

Astrak 2.0 ikuspegiarekin egiten du lan interneten.

Webgunea

Astrako webgunea www.astragernika.net da. Haren bitartez, Astran egingo diren ekimenen eta Astra Koordinadoraren jardueren berri ematen da. Webguneak lizentzia librea dauka: CC BY SA.

Interneteko sare sozialak

Astra Koordinadorak Facebook (www.facebook.com/AstraGernika), Twitter (www.twitter.com/AstraGernika) eta Vimeo (http://vimeo.com/user1277221) sare sozialak erabiltzen ditu bere jardueren berri emateko. Astran egiten diren ekimenak, bilerak, Koordinadorari buruzko berriak argitaratzen dira. Horrez gainera, herriko bestelako talde sozial eta kulturalek edo herritarrek antolatutako ekimenen berri ere ematen da.

Berriak eta deialdiak argitaratzeko irizpideak

Astran egiten edo antolatzen diren jarduera guztiak sare sozialetan zabaltzeko ahalegina egiten da. Honek barne hartzen ditu Astran prestatzen direnak, nahiz eta fisikoki jarduerak beste toki batean egin. Hori horrela izateko, komenigarria da Astrako komunikazio lan-taldeari informazioa helaraztea garaiz. Bestetik, Astrako Koordinadoran parte hartzen duten talde eta sortzaileen berriak argitaratzen ere saiatzen da. Batzuetan, Astrako kudeaketa ereduarekin bat egiten duten berriak ere argitaratzen ditugu.

Paperezko euskarriak (kartelak, flyerrak…)

Astra Koordinadorak bere asanblea eta ekimenen berri ematen du kartelen bidez ere. Horrez gainera, hilabete osoko egitaraua jasotzen duten kartelak ere argitaratzen saiatzen da. Beste eragile batzuek antolatutako ekimenen kartelak egin eta jartzearen ardura ekimena antolatzen dutenena da. Kasu berezietan, jakintza edo baliabide faltagatik, Astra Koordinadorak lagundu dezake.

Mailingak

Astra Koordinadorak kudeaketa bileren eta asanbleen berri ematen du e-mail bidez.


Diruzaintza

Zelan finantziatzen da Astra?

Astraren finantziaziorako baliabide nagusia barra da, baita jarduerak, kamisetak, txosna, errifak ere. Horren bidez ordaintzen dira Astrako gastu gehienak. Gastu arruntak (ura, argindarra, berogailua, igogailua) Gernika-Lumoko udalak ordaintzen ditu (lehenengo urtean 21.566,85 eurokoa izan da gastu hau).

Zertan gastatzen da barratik ateratzen den dirua?

Astran irabazten den dirua herritar guztientzako zabalik dagoen Astra Proiektua mantentzeko erabiltzen da, hau da, Astran ateratzen den dirua Astran inbertitzen da berriz. Astrako azpiegitura eta baliabideak hobetu, Astrako langile bien soldatak ordaindu, ekimenak antolatu, komunikazioa egin.

Zergak ordaintzen ditu?

Bai, Astra Gernikentzako elkartea altan emanda dago elkarteen erregistroan eta haren bitartez zergak ordaintzen ditu Astrak eta bere langile biek gizarte segurantzan kotizatzen dute.m


ESPAZIOAK/BALIABIDEAK

Eraikina eta espazio desberdinen argazkiak: http://www.astragernika.net/instalazioak/

(Informazio hau batzen dute planoak jarri: espazioen neurria)

Irizpide orokor moduan, esan dezakegu edonork erabil ditzakeela ondorengo baliabideak, baina horretarako ondo koordinatzea beharrezkoa da. Horretarako, ondorengo espazioak erabili nahi ditugunean, kontuan izan behar dugu egingo dugun jarduerarako deialdia publikoa izango den edo ez, eta proiektuaren filosofiaren kontra ez badoa. Honek bide bat edo bestea markatzen du. Deialdi publiko bidez egiten bada, egitarau lan-taldearekin jarriko gara harremanetan; bestela, bitartekariarekin.

Gorputz adierazpen eta arte eszenikoen faktoria

Gorputz adierazpen eta arte eszenikoen faktoriak erabilera anitzerako 100 metro koadroko azalera du, eta oso ondo argiztatuta dago; izan ere, lau hormetatik hiru kristalezkoak dira. Faktoria hau ahalik eta egokien zaintzeko helburuarekin —egurrezko zorua du—, ortozik sartu beharra dago.

Bertan, hainbat eratako jarduerak landu daitezke: antzerki taldeen obrak eta tailerrak; gorputz adierazpenerako tailerrak; herri-antzerkiak; performanceak; dantza mota ezberdinak; yoga, tai-chi eta judo ikastaroak…

Arte eta eskulanen faktoria

Arte eta eskulanen faktoriakerabilera anitzerako hirurogei metro koadroko azalera du, eta oso ondo argiztatuta dago; izan ere, lau hormetatik hiru kristalezkoak dira.

Faktoria honetan tailerrean bertan eraikitako bi mahai mugikor handi daude lanerako, eta hainbat lan egiteko erreminta eta baliabideak (brokak, mailuak, pintzelak, pintura...). Horrez gainera, materialak eta eskuak garbitzeko lababoa eta erremintak gordetzeko modulu mugikorrak daude.

Bertan, hainbat eratako jarduerak landu daitezke: pintura, eskultura, esku-lanak, antzerkigintzarako eszenografia, mobilizazioetarako eta kanpainetarako baliabideak, konponketa txikiak, “txapuzak”...

Hacklaba (Hackelarre)

Komunikazio gela

Batzar gela

Bi mahai handiz eta Astran egoitza duten elkarte eta taldeen armairuez osatuta dago. Astrako lan-taldeak eta bertan biltzen diren taldeak batzen dira batzar gelan. Horrez gain, bestelako talde eta pertsonak ere biltzeko, bitartekariarekin hitz egin eta ordua adostu behar dute.

Gainera, Astran espazio multifuntzionalak daudenez, batzar gelako mahaiak okupatuta egonez gero, Astran dauden hamar mahai handi mugikorretako bat erabili daiteke batzarra beste nonbait egiteko.

Barra

Barrak ez du taberna izateko bokaziorik, ez da ohiko ostalaritza zerbitzua. Astran egiten diren jarduera sozial eta kulturalentzako tresna da. Bere ordutegiak eta funtzionamendua jarduera hauetara egokituta daude.

Astrako barra autofinantziaziorako tresna ere bada, bai Astra Koordinadorarentzat -bereziki-, zein Koordinadoran parte hartzen duten edo ez duten eragileentzat. (Ikus eranskinetan Astrako barra hartzeko prozedura).

Arratsaldero dago zabalik 4 orduz eta jardueraren bat balego gauez bere ordutegia luzatua daiteke beti 01:00ak arte. Astrako barraren kudeaketa orokorra Astra Koordinadoraren esku dago.

Ordutan zenbatuz gero, barrako erabileraren %70 lan ordainduan oinarritzen da eta %30 lan bolondresean.

Barrako arduraduna

Barrako arduraduna barraren kudeaketa orokorraz arduratzen da, hau da, barra erabilgarri egoteaz eta ongi funtzionatzeaz. Barraren inguruko espazioa eta harrremanak ere zaintzen ditu. Igandetik ostegunera egiten du lan, eta asteburuan egongo diren jardueren aurreikuspena egin eta horren arabera barrako produktuen eskaerak egiten ditu. Horrez gain, barraren erabileraren inguruko argibideak ematen dizkie asteburuetan barraren ardura hartzen dute pertsona eta eragileei.

Une honetan (2015ko Abuztua) Aritz Laboa da Astrako barrako arduraduna (aurrenik Adri Perez izanik) eta 590 euro garbiko 15 paga irabazten du urtean lan horregatik. Herritar guztiei zabaldutako prozesu baten bidez aukeratu zuen Astra Koordinadorak. Gainera, bere lan orduetatik kanpo lan boluntarioa ere egiten du, Astra Koordinadorako edozein kidek bezala.

Turnoetan parte hartzeko zer egin?

Bariku eta zapatuetako turnoak era bolondresean betetzen dira, jendearen parte hartzea sustatuz.

Turnoren batean parte hartu nahi izanez gero, jarri harremanetan bitartekariarekin astelehenetik ostiralera Astran (16:30-20:30) edo info@astragernika.net helbidean.

Kontsumo arduratsua

Barran kontsumo arduratsua sustatzen saiatzen gara. Bertan dauden produktuak ahalik eta hurbilen sortutakoak eta ekologikoak izan daitezen saiatzen gara. Gaur egun Lurgozo kontsumo ekologikorako elkartearen bazkide eta bezero nagusietako bat gara.

Horrez gain, ahalik eta hondakin gutxien sortzen saiatzen gara.

Eszenatokia eta backstage-a

Eszenatokiak 6X6 metro koadroko azalera du (+ 1,5 metro teloi atzealdean). Sorkuntza lanak erakusteko espazioa da. Kontzertuak, antzezlanak, poesia emanaldiak, bakarrizketak, bertso saioak... egiteko espazioa. Backstage-a eszenatokiaren osagarria da. XXX metro koadro du eta saioen aurretik lasai egoteko eta prestaketak egiteko tokia da. Eszenatokirako zuzeneko sarbidea du.

Horrez gainera, eszenatoki muntagarri baxu bat dago, kontzertu txikiak, hitzaldiak eta bestelako saio txikiak egiteko (2 X 1 metroko zortzi tarima).

Ikus RIDERRA


Espazio multifuntzionalak

Astra eraikin moldagarria da eta jarduera jakin bat esleituta ez duten espazioak multifuntzionalak dira, hau da, haien erabilera bat edo bestea izan daiteke momentuaren arabera. Astrako espaziorik zabalenak multifuntzionalak dira.


Baliabide immaterialak

Espazioa zaintzea

Astrak pertsonen eta taldeen energia behar du funtzionatzeko. Horren barruan sartzen da espazioaren zainketa. Esate baterako, emanaldi baten ostean aulkiak denen artean batzea, mahai bat erabili ostean dena batuta uztea, erabili diren baliabideak aurkitu diren bezala uztea…

Pertsonak eta harremanak zaintzea

Esan dugun bezala, Astran pertsona eta taldeen energiarekin funtzionatzen du. Beraz, ezinbestekoa da zainketa kolektiboak egotea energia hori agortu ez dadin.

ADMINISTRAZIO PUBLIKOA ETA ASTRA

Astra Koordinadorak elkarte legala du administrazioarekin eta legediarekin zerikusia duten harremanak aurrera eramateko, hain zuzen ere, Astra Gernikentzako elkartea. Adibidez, Udalarekin sinatutako hitzarmena sinatu ahal izateko eta Ogasunarekiko dituen betebeharrak betetzeko.

Astra Gernikentzako elkarteak, beste edozein pertsona juridikok bezala, errenta aitorpena egiten du eta kontratatuta dauzkan soldatapeko bi langileak gizarte segurantzan altan emanda daude eta euren arloari dagokion konbeniopeko kontratua dute. Zeregin guztiotarako, Astra Koordinadoraren Astra Gernikentzako elkarteak Gernika-Lumoko aholkularitza enpresa bat kontratatu du.

Udalarekin hitzarmena

DOKUMENTAZIOA

ITZULTZEKO. GAI BAZARA, AURRERA! ZEU BARIK EZTA!

Videos

- "Astra es de todos", Video que grabamos para la reinauguración del centro del 21 de diciembre de 2012: http://www.astragernika.net/portfolio/astra-danona-da/

- "Astra 5:00 am", Video de la ocupación, con opiniones de los vecinos y participantes, en euskera y castellano. http://www.astragernika.net/portfolio/astra-500-am/

- Proceso participativo 2KM: http://www.astragernika.net/portfolio/2km-laugarren-asanblada/

- Proiekto Astra (En euskera): http://www.astragernika.net/portfolio/astra-proiektua/

- Explicacion de la ocupaciñon y pasos posteriores reomendado para charlas (en castellano): https://www.youtube.com/watch?v=OtNnXl2cqs4

- Astra en el programa La aventura del saber de TVE2: http://www.rtve.es/television/la-aventura-del-saber/

- Astra en EITB kultura (Subtitulos en castellano): https://www.youtube.com/watch?v=12E5Y0VMU7Y

Documentos

- Proyecto Astra: http://www.astragernika.net/pdf/proyecto_astra.pdf

- Valoracion y autocritica de Astra en el periódico El Correo (Grupo Vocento): http://www.elcorreo.com/vizcaya/v/20140328/costa/astra-gernika-autofinancia-presupuesto-20140328.html

- Astra Gernika: De fabrica de armas a Centro Social Autogestionado, escrito por Zesar Martinez (Universidad Publica Vasca): http://aufop.blogspot.com.es/2014/08/astra-gernika-de-fabrica-de-armas.html